Ai ama!

Saiakeratzat jo daitekeen arren (oso zaila baita liburuaren generoa zehazten), nobela gisa ere hartuta, lasai asko geratuko ginatekeen, inongo arazo kontzeptualik gabe. Saiakera esan dut, izan ere "Zerberri" sail berezia, irakurtzeko ohitura haundirik ez duen jendeari, -teorian behintzat- zuzendua, saiakera arloan sar daitezkeen liburuz osaturik dago. Hala ere, Arantxa Iturberen aiama hau, saiakera baino gehiago da nire iritziz, Alberdania barruko literatur sail peto-petoan sartzea merezi lukeena. Azken finean, nobela bat balitz bezala irakurtzen da, edo irakur daiteke.
Liburua eskuan hartuta, irakurleak lehendabizi ikusiko duena Antton Olariagaren marrazkia izango da, eta bertan amatasunaren ezaugarri den sabel hanpatua eta (sabelaren barruan) haur bat. Amatasuna esan dut eta nago hitzekin jolasten ari garela, amatasun guztiak ez baitira berdinak eta ama guztientzat baliokide, eta batzuentzat pozkariozko aintzira dena, beste batzuentzat min-iturri.
Arantxa Iturbek bere esperientzia hartzen du oinarritzat (ama da, izan ere) eta amatasunaren aldeko halako apologia goxoantza eta enpalagosoa egin beharrean (egin zezakeena, bestalde, Arantxa Iturberen aurretik izan diren ama askok eta askok halaxe egin baitute), amatasunaren zera hori ifrentzura zabaldu eta aztertzera jarri da, azpildurak agerian utzi nahian.
Ez da, beraz, liburu gozoa, ezta gozagaitza ere, gazi-mingotsa ere bai zati batzuetan bederen; amatasunaren inguruan dauden topikoak aireratu egiten ditu egileak, eta balizko ispilu baten aurrean barregarri utzi ere bai. Liburua, estiloari eta idazkeari dagokienez, bizia da, elakrrizketa zehatz eta zorrotzen laguntza baitu. Horrekin batera, distantzia hartzen baitu, bada halako begirada ironikoa ama izateak dakartzan abantaila eta desabantaila guztien gainera jaurtitzen dena. Hala ere, ez da irribarre egiteko liburua. Ezta gutxiago ere.
Baina hori irakurlearen aukeretako bat da, izan ere.
El Diario Vasco, 1999-12-11
1 comentario
pilargar -
Betidanik, seme-alabak edukitzearekin guztiz ados nengoen. Halere, azken bolada honatan ez dut gauza bera pentsatzen.
Iaz haurdun egoteko prest nengoen baina arazo fisiko dela eta, ezin nuen lortu. Pixkanaka-pixkana ilusioa galtzen hasi nintzen. Honekin batera, nire inguruan ikusten dudanarekin, gero eta gogo txikiago dut.
Ume txikiekin egiten dut lan eta, ama ("ona") izatea ez da batere erraza.
Nire ingurukoek ama bikaina izango nintzela esaten zidaten. Izan liteke, baina agian gainontzekoen umeak zaintzeko prest nago eta neureak heziketa "egokia" emateko ez, batek daki.
Honetaz gain, umeak bikotearen bizitzari, nahita ala nahitaez, aldarazten dio eta, benetan ez dakit nire askatasunari uko egitea prest nagoenentz. Badakit umea ailegaten denean,(izan nahi baduzu),ama zein aitaren bizitza hobera aldatu ohi diren. Baina honela ez bada, zer? Erabakia behin hartuta betiko da eta ezin da atzera joan.
Une honetan lanbidearen munduan guztiz emana nago eta lan mundua bera da nire helburu nagusi. Oraingoz ez dago besterik nire buruan. Hilabete batzuk barru, agian ideaz aldatuko naiz, auskalo!
Liburu honen irakurketarekin nire beldurrak baieztatu dira.Esaten duenarekin ados nago. Nahiz eta ama ez izan, primeran ulertu dut amen egoera.
Gustatu zait erabili duen estiloa, batez ere, ironia erabiltzen duenean. Batetik arintasuna ematen dio testuari. Bestetik, beste modu batez adierazten du azaldu nahi duena.
Liburuaren edukiera ez da inola ere umeen jolasa. Izan ere, amatasunen une mikatsak adierazten dizkigu. Amatasunak une gozoak ere baditu, nola ez, eta honela jakinarazten digu.
Kostatu zait apur bat irakurtzea. Segur asko, arazoa niretzat hartu dudalako. Gai honekin ez naiz batere neutrala. Are gehiago, askotan amatasunari buruz askotan pentsatzen dut eta pentsatuko dut. Eta etorkizunean mataza askatzen badut ama izan ala ez izan erabakiko dut.