Blogia
manul

liburuak

Galdu arte

 


 

Galdu aurretik

ohar batzuk sarrera gisa

 

Bere iritziaren berri emateko idatzi zidan gutunean, nobela hau irakurri ondoren «sentsazio arraroa» izan zuela adierazi zidan Azkoitiko adiskide batek, «drogaren inguruko kontuek eta punk mobidak protagonismo gehiegi dutelako beharbada». «Gure ideiak eta gure nortasuna bigarren maila batean geratzen direla iruditzen zaidak», zioen beherago adiskideak. «Gure mobida oso folklorikoa agertzen duk». Gutunaren egileak agertutako iritziaren oso antzekoa izan da nobelari buruzko beren balorazioa ahoz adierazi didaten beste bi adiskiderena ere. Beste bi adiskide horiek, gutuna idatzi zidana bezalaxe, gaztetxeko mobidak gertutik eta zuzenean bizi izandakoak dira. Ez dut uste kasualitatea denik.

        Ez zaio arrazoirik falta gutuna idatzi zidan adiskideari, eta irakurleak ere, nobelan galdu aurretik, hark esandakoa aintzat har dezan nahiko nuke, gogoan izan dezan une oro Azkoitiko gaztetxearen inguruko mobida nobela honek erakusten duena baino askoz gehiago izan zela. Eta askoz gehiago dela, gaztetxerik gabe ere borrokak bizirik jarraitzen baitu, beste koordenada batzuetan eta beste era batzuetako ekimenekin bada ere, giroa pixka bat aldatua badago ere (ez horrenbeste azken finean). Nobela batek ezin lezake inola ere errealitate bat, mundu bat, giro bat, dena delakoa, oso-osorik jaso, eta Galdu arte honek ez du lege hori hausteko asmorik ere izan. Errealitate, mundu, giro edo dena delako horri dagozkion hainbat elementu modu nahiko egokian islatu baditu, ez du gutxi egin.

        Galdu arte ez da Azkoitiko gaztetxeari buruzko liburua, Azkoitiko gaztetxean girotutako nobela baizik. Zehatzago esateko, Galdu arte 1984tik 1993ra bitartean Azkoitian izan ziren hiru gaztetxeetan ezagutu nuen giroan kokatutako nobela da. Pertsonaia nagusiak, Xepek, giro horretan ezagututako hainbat pertsonaiaren ezaugarriak ditu, eta baita giro horretatik kanpo ezagututako beste batzuenak ere, egia osoa esateko. Bera izan da nobela bideratu duena, berak bultzatu nau gutuna idatzi zidan adiskideak «gure ideiak eta gure nortasuna» deitu duena «bigarren maila» batera baztertzera.

        Honela jarraitzen du adiskidearen gutunak pixka bat beherago: «Pentsatzen diat jakingo duala, eta nahita idatzi dituala horrela, baina nobelan agertzen diren gertaera batzuk ez zituan horrela gertatu». Arrazoi du horretan ere gutunaren egileak. Nobelako gertaera batzuk errealitatetik zuzen-zuzen hartuak dira, hala nola, adibidez, Azkoitiko gaztetxearen lehen okupazioa; nobelan agertzen den bezala, historikoki ere 1984ko otsailaren 5ean ospatutako Gipuzkoako Gazteen Egunean egin zen okupazio hura. Baina kasu horretan ere nobelan kontatzen diren xehetasun guztiak ez datoz benetan gertatu zenarekin bat. Beste gertaera asko eta asko, berriz, asmatuak dira, edo antzaldatuak, edo gutxienez beste leku edo garai batera eramanak, hau da, nobelaren beharren arabera egokituak. Bi adibide emango ditut, argigarriak direlakoan: La Polla Recordsen Salve diskoa ez zen 1984ko apirila arte kaleratu eta Xepek data hori baino lehen entzuten du bere loroan; Azkoitiko Udalak soldaduzkara joan behar zuten mozoak neurtzeko zituen neurgailua eta baskula nobelan kontatzen den moduan puskatu ziren gutxi gora-behera, baina ez 1984ko martxoaren 11n, 1985eko martxoaren 10ean baizik.

        Beharrezkoak iruditu zaizkit argitasun hauek. Irakurleak nobela honetan errealitatearen antzik duen ezer aurkitzen badu litekeena baita kasualitate huts ez izatea ere.

 

J.L.Z.

 

Riomundo

 

 

 

 

Jon Maiak hegoaldetik etorritako familiari kantatu zizkion lerro hauek 1997an jokatu zen Bertsolari Txapelketa Nagusiko final hartan: "Ama Extremadura aita Zamoratik / abuela ta abuelo haiek aurretik. / Herri hontan sustraitzen asmatzeagatik, / nik'e maita dezaket guztien gainetik. / Euskeraz badakit / bertsoz darabilkit / dena zuengatik / halaxe dagokit / denek kantatu dute nere ahotik". Eta horiek dira, hain justu, nire ustean bai behintzat, liburu honek mahai gainean jartzen dituen bi eztabaidagai nagusiak: bertsolaritza eta maketoak (eta barkatu esamoldea).

Arrakastatsua izan omen zen iazko Durangoko azokan Jon Maiaren lehen eleberria, Riomundo. Txalapartakoek inprentara joan beharra izan zuten stand-ean zeuden aleak azkar asko agortu baitziren. Arrakasta hitza hemen entzunda barre egingo luke batek baino gehiagok, Amelie Nothomb edo Ruiz Zafonek esaterako, baina hala aurkeztu ziguten komunikabideetan bederen. Gatozen liburuaren balizko arrakasta horretara. Nola da posible opera prima batek, 2005eko abenduan bertan labetik atera berriak, hainbeste saldu izana? Kasu honetan ez baitute balio egilearen aurreko lanen erreferentziak edota ahoz ahoko propagandak. Baina noski, ahaztua geneukan Jon Maia bertsolaria ere badela, edota bertsolaria dela oroz gain. Eta horrek esan nahi du du gutxienez 13.000 lagunek ezagutzen dutela bertatik bertara bere sorkuntza lana. Eta lan hori atsegin dutela, txalotu behintzat egiten dute eta. Badakigu gainera, gurean bertsolariak etxekoak bezala direla ia, hainbeste momentu pasa ditugu eurekin. Datu honek, ordea, ez luke inor harritu behar, hitza langaitzat duten gainontzeko ofizioetako kideek ere idazten dituztelako liburuak, onak nahiz eskasak. Baita bertsolariek ere (Egaña, Iturriaga). Idazle ez den batek idatzitako lana txarra izango denik, beraz, ez da aurretik esan behar. Baina ezta bertsolaria izateagatik kontrakoa ere. Honaino liburuaren kanpo faktoreak.

Barne faktoreei dagokienez, bat aipatzekoa besteen gainetik: gaia. Abuela eta abuelo, eta neurri batean tio dira Riomundoko gaia. Jon Maiarenak, suposatzen da. Liburuaren azken zatian tio da narratzailea eta bere gurasoen ibilerak kontatzen ditu bera jaio zen unetik. Nire iritzirako hemen hasten da historia, edota liburuarekin kontatu nahi dena, benetako muina. Zeren irudipena daukat liburuaren ekarpenik handiena (eta barkatu esamoldeak) maketoaren, belarrimotzaren, mantxurrianoaren, eta azken batean 50-60ko hamarkadetan Euskal Herriratu zen hegoaldeko etorkinaren aitorpena egitea izan dela. Edo behintzat integratu zen etorkinarena. 125. orrialdean hasten da gaiaren benetako mamia, padre (Maiaren abuelo, suposatzen da) Vascongadetara iristen denean. Zorroan hirugiharra eta txorizoa dakartza, aberri bakartzat. Ordura artekoek, Extremadurako bizimoduak, gerra zibilak, gerra-osteak... aurrekarietan jartzeko balioko digute. Desterruan hasieratik bertatik sentituko du erbestearen hotza, hasieratik sentiarazten dute maketo. Honela adierazten da sentimendu hori: "makina zaratatsuak, salda goriak, galdara haiek eta hots, harrabots, danbateko ikaragarriek gorputza gaiztotu zioten... Txoriez gogoratu zen, mendiez...".

Bukaera aldera, baina, Extremaduratik etorritako gurasoen bilobek ikastolan ikasten bukatzen dute, beren lekua egiten dute. Paralelismo baten bitartez atze-aurreak batzen ditu narratzaileak: tiaren senarra gerra zibilean eta hamarkada batzuk geroago Jon Paredes Manot Txiki hiltzeko erabili zituzten tiroak berberak izan ziren.


 

Eztia eta ozpina

 

 

 

 

Selim gazte marokiar bat da. Eta bere adin moduko gazte marokiar askorentzat bezala, Parisera joatea da bere ametsa. Han dauka bere Meka. Bidaia horretan eztia eta ozpina ezagutzen ditu. Eztia, Esther izeneko neska gasteiztar batez maiteminduta. Ozpina, marokiarrentzat, hain zuzen ere, ez delako larrosa-bide bat Afrikatik Europara datorren bidea. Nobela hiru ikuspuntutik kontatuta dago: Selimen ikuspuntua, Estherrena da bigarrena, eta, hirugarrena, legez kanpoko atzerritarrak muga pasatzen laguntzen dituen mugalariarena. Hiru ikuspuntu, hiru genero (kontakizun zuzena, egunkaria eta prentsa erreportaia) istorioa osatzeko.  

Gerezi denbora

 

 

 

Benetan gertatua da: anarkista batek eta apaiz batek antolatu zuten CNTk atxilotutako artzapezpiku bat askatzeko ekintza. Gerra denborako beste hainbat gertaera bitxi -benetako nahiz alegiazko- kateatu ditu egileak, film baterako ari balitz bezala, irakurlea ezusteko bihurgunetan barrena ekartzeko: Bilbotik Donostiara, atzeguardiatik lubakietara, komediatik dramara... Gerezi denbora nobela bizi-bizia da, Inazio Mujikaren irakurleak aurrenik harritu eta berehala txunditu egingo dituena. Ezpainetan irria uzten du; eta eztarrian, errea.

 

Tubabu

 

 

 

 

 

Ai ama!

 

 

    Saiakeratzat jo daitekeen arren (oso zaila baita liburuaren generoa zehazten), nobela gisa ere hartuta, lasai asko geratuko ginatekeen, inongo arazo kontzeptualik gabe. Saiakera esan dut, izan ere "Zerberri" sail berezia, irakurtzeko ohitura haundirik ez duen jendeari, -teorian behintzat- zuzendua, saiakera arloan sar daitezkeen liburuz osaturik dago. Hala ere, Arantxa Iturberen aiama hau, saiakera baino gehiago da nire iritziz, Alberdania barruko literatur sail peto-petoan sartzea merezi lukeena. Azken finean, nobela bat balitz bezala irakurtzen da, edo irakur daiteke.

        Liburua eskuan hartuta, irakurleak lehendabizi ikusiko duena Antton Olariagaren marrazkia izango da, eta bertan amatasunaren ezaugarri den sabel hanpatua eta (sabelaren barruan) haur bat. Amatasuna esan dut eta nago hitzekin jolasten ari garela, amatasun guztiak ez baitira berdinak eta ama guztientzat baliokide, eta batzuentzat pozkariozko aintzira dena, beste batzuentzat min-iturri.

        Arantxa Iturbek bere esperientzia hartzen du oinarritzat (ama da, izan ere) eta amatasunaren aldeko halako apologia goxoantza eta enpalagosoa egin beharrean (egin zezakeena, bestalde, Arantxa Iturberen aurretik izan diren ama askok eta askok halaxe egin baitute), amatasunaren zera hori ifrentzura zabaldu eta aztertzera jarri da, azpildurak agerian utzi nahian.

        Ez da, beraz, liburu gozoa, ezta gozagaitza ere, gazi-mingotsa ere bai zati batzuetan bederen; amatasunaren inguruan dauden topikoak aireratu egiten ditu egileak, eta balizko ispilu baten aurrean barregarri utzi ere bai. Liburua, estiloari eta idazkeari dagokienez, bizia da, elakrrizketa zehatz eta zorrotzen laguntza baitu. Horrekin batera, distantzia hartzen baitu, bada halako begirada ironikoa ama izateak dakartzan abantaila eta desabantaila guztien gainera jaurtitzen dena. Hala ere, ez da irribarre egiteko liburua. Ezta gutxiago ere.

        Baina hori irakurlearen aukeretako bat da, izan ere.

El Diario Vasco, 1999-12-11

 

 

Kolosala izango da

 

 

 

 

Gerra hor dabil edonon oraindik, bizitzaren eta ederra eta samurra den guztiaren aldamenetik, baina laster helduko da zirkoa. Munduaren ordu agoniko hauetan etorriko da, eta kolosala izango da. Zirkoa Alemaniatik helduko da. Letrero handi honekin: Cirque Krone. Eta tren bagoi pilo batekin, elefanteekin, lehoiekin, tximinoekin, pailazoekin, ezpata irensleekin, emakume bizardunekin. Globo saltzaileak ere etorriko dira euren koloretako planetekin. Kalaportura iritsiko dira guztiak. Kolosala izango da. Eta orain alemanek Frantzia okupatu dutenez gero, agian lehenago ailegatuko da.  

Bizia lo

 

 

 

 

EUSKADI LITERATURA SARIA 2004

Bost kontakizun biltzen ditu Jokin Muñozek liburu honetan. 60ko urteetan jaiotako belaunaldiari bizitzea egokitu zaion giroari eta bizipenei oso lotuak bostak ere. Entzunez baino ezagutzen ez duen gerraosteko giroan murgiltzen da autorea aurreneko ipuinean, eta fikzio futurista alegiazkoan sartuta bukatzen du liburua.

Tonu errealista da nagusi. Kontakizun biluziak dira, apaindura askorik gabeak. Gordin kontatuak daude, baina epairik eman gabe. Irakurleak atera beharko ditu ondorioak, eta ez dira beharbada oso baikorrak izango.

Neguan bizia lo dago Lizardiren begietan. Ez dira autorearenak lo egon kontakizun indar handiko hauek idazterakoan. Euskal gatazkaren hariak bizi-bizi ageri dira agertokiaren atzeko oihal, baina ez da gatazkari buruzko liburu bat. Arazo horrekin ere bizitzen ikasi dugun gizakiei buruzkoa baizik.

Mutuaren hitzak

 

 

 

 

 

Damian Arrutik, Eulien bazkako protagonistak, eztarriko tumore bat kentzeko operazio bat pairatu ondoren, bere lagun artistaren (Leon Karrika) etxera joatea deliberatzen du bake apur bat lortzeko asmoz. Abiadura Handiko garaiak alde batera utzi nahi ditu Baztan alde horretan, Abiadura Geldoko garai berri eta lasai bati ekiteko. Gajo hori. Baztanera pattal samar iritsi bazen, are pattalago alde egingo du handik. Izan ere, aldrebeskeria ororen zentroa izango da Damian; heriotza estraño bat, Karrikaren zoro haizeak, Lakoizketaren botanika-bilduma aberatsaren patu garratza, Lupe eta bere artekoak...

Hasier Etxeberria nobela beltz kutsuko lan berri batekin datorkigu oraingoan, heriotza argitu gabe baten inguruan eraikitako Mutuaren hitzak nobela honekin. Heriotza hori, baina, aitzakia bat baino ez da azken batean, MacGuffin-a Hitchcock-ek esango lukeen moduan, Damian Arrutiren tormentuzko mundu hori irudikatzeko. Nobela ez oso luzea izan arren, esan behar da Damianen mundu hori oso ondo eraikia dagoela (jakina, aurreko nobelak ere laguntzen du horretan), ertz anitzeko pertsonaia batekin topo egiten dugu, bere hausnarketekin, bere zalantzekin, bere lagun eta zaletasun berriekin... Damianen bizitza aldaketa hori hain ondo irudikatzeko hiru narratzaileetaz baliatzen da Etxeberria. Hirugarren pertsona orojakilea, lehen pertsona (Damianen idazten dituenak) eta batez ere, bigarren pertsona ziztatzaile hori, Damianen barne ahotsaren rola betetzen duena, beti "kontzientzia-ona" ozpintzeko prest.

Heriotzaren inguruko korapiloari nobela erdia igarota heltzen dio idazleak, beranduegi agian. Izan ere, nobelak interes handiagoa lortuko lukeela uste dugu, Damianen mundu horren irudikapenarekin batera, aldi berean, heriotzaren inguruko kontuak azalduko balira, hauek nobelaren amaierarako laga beharrean. Edonola ere, esan behar da argumentua, aitzakia izanagatik, ez dela batere arrunt eta erraza. Damianek heriotzaren inguruko misterioak ebatzita dituela uste duenean, bere teoria koherente guztia amiltzen zaio bere oinetara, eta beste ikerketa-bide batzuei heldu beharko dizkio, nobelaren korapiloak ezusteko biraketa bat jasaten duelarik.

Oso elegantea, bestalde, Etxeberriak darabilen euskara. Eskertzekoa da idazleak egin duen lana euskara xarmant hori idazteko, baita Lakoizketaren testu apokrifo hori sortzeko ere. Azken buruan, ongi idatziriko nobela baten aurrean gaude-eta, ongi eginiko lan baten aurrean (zentzu onenean), eta ez da harritzekoa idazleak, nobela bukatu ondorengo nekeak eraginda, Damian Arrutiri buruzko nobela berri bat idazteko asmorik ez duela aitortu izana. Berrehun orrialde eskas eduki arren asko hausnartutako testu zaindua baita Mutuaren Hitzak hau. Amaierak, haatik, nobela berri bat idazteko aukera irekirik uzten du, Abiadura Berriko edo Abiadura Larriko garai bati ekiteko prest agertzen baitzaigu Damian. Seguru, izatekotan, Abiadura Larrikoa izango dela.

 

Han goitik itsasoa ikusten da

 

 

 

 

Euskal Herrian gerra aurreko urteetan hasi baina, batik bat, II. Mundu Gerra bitarteko Italian gertatzen da nobela sailkaezin hau, eta bizikleta da bi muturrak lotzen dituen aitzakia: Roman Alberdi mutikoak Euskal Herriko itzulian ikusiko du lehenengoz Gino Bartalari karrerista handia; erbestera bidalitako umea dela Frantziako Tourrean topatuko du hurrena, Alpeetako mendi bat igotzen biak, eta haren bila joango da geroago, Toskanako Ponte a Ema herrira.
Txirrindulari-kontuez gainera beste gai eta pertsonaia asko aterako zaizkigu bidera ordea: film amerikarrak ezkutuan ematen dituen zinemazalea, txoriak ebanjelizatzen dituen fraidea, lehorrean geratutako marinel portuguesa, egunero ogiren batean gerezia sartzen duen okina, judua dela ezkutatu behar duen neskatza esne-saltzailea...

Idazkera txinpartatsua, giro ameslaria, ukitu surrealista eta injustiziaren kontrako matxinadarako deia elkartzen dira istorio eder bezain hunkigarri honetan, literatura eta bizitza eskutik joan daitezkeela erakutsiz.

 

Neguko zirkua

 

 

 

 

Hemeretzi kontakizunek egiten dute "Neguko zirkua" zirraragarri. Asmoz eta jantziz denak ezberdin, hari fin batez sareztatu ditu liburuan Harkaitz Canok, ustekabeko gertaera, jauzi eta keinuekin.

Brooklyngo erokeriak

 

 


 

 

  Duela gutxiko Asturias Printze sariarekin odola pittin bat azuldu zaion Paul Auster kontalari fina dugu. Kontatu eta kontatu egiten du etengabe, eta luzatu eta katramilatu aurrez luzaturik eta katramilaturik datozen istorioak, kulebroi amaigabeen ukitu batez egin ere, gazi-gozoki egin ere. Esan ohi da egunerokotasunaren idazlea dela, ustekabearen eta ezkortasun gozoaren idazlea dela ere bai. Eta dena da egia. Brooklyngo erokeriak honetan, Brooklyn foollies jatorrizkoan (onomatopeikoa batetik, eta balioanizduna bestetik, txoroei zein pitokeriei egiten baitie aipu), arestiko guztien firu beretik ez bada bai antzekotik dabil. Nik, arestiko guztiari kultua hitza gaineratuko nioke; esan dezadan, hortaz, Austerren lanei kulebroi kultuak deritzedala. Zilegi bekit kritikagintzarako aportazio lexikal xume eta fool hori.

        Ez zaizkit estraineko orrialdeak gustatu, egia esan, akaso aseguru saltzaile jubilatuaren bizitza penagarriari nahikoa interesgarria ez neritzolako, baina laster atzeman naute sugetzarraren eraztunek, bere presio eta indar kuxkuxeatzaile guztiarekin. Nathan-ekin aspertzen hasia nintzenean (eroapen gutxiko irakurlea naiz, aitor dut, lehenbiziko kapituluaz baino ez naiz ari eta) horratx Tom ilobaren eta Harry iragan ilunekoaren agerpena korapilo guztiak sendoago eta hobeto endredatzeko. Orduan bai, orduan, esan bezala, zapatu eta domeka arrastietako filmekin jazotzen zaidan amai-gose zital eta ulergaitz hori bera jalgi zait.

        Krudeltxoa izaten ari naiz Paul Austerren istorio bilduma nobelatu honekin (horixe baita, istorio bilduma handi bat, Nathan kontalariak dioskun lez, nola-hala gaika sailkaturiko bizi-pusketen bilduma, goiko hirukotearen inguruan joan-etorrian dabilena); izan ere, ez da bidezkoa erabat harrapatu zaituen eleberriaz gaizki esaka aritzea. Uler bedi, baina, ez nabilela gaizki esaka, gehiago nabilela kritikariekiko ironiaz, Paul Austerren liburu hau narratiba bizkor eta zoliko adibide perfektua dugulako, egunerokoa, pertsonaia sarean oinarritua, ezkortasun goxo bitxia duena, doilorkeria dosi tamainakoak, giza mixerien kontalaritza. Kulebroi kultua da, gu guztiok noria hordi eta deskontrolatuan gabiltzala gogorarazten diguna, ez baitago noria gobernatzen duenik, ez baitago egun jainkorik, ezpada gu eta gure hauskortasuna, gure erokeriak. Ematen du Austerrek dioskula gure istorioak zera baino ez direla, ezbeharrak, edo asmoak, edo hankasartzeak, hots, izenburu desberdineko kapituluak, Giza erokeriaren liburua osatzen dutenak.

Deia, 2006-06-06

 

 

Musubero mon amour

 

 

 

Maxe Bordelera joan da eskubaloiko lagunekin, han partida bat jokatzera. Eta, beste askotan bezala, erretratu bat atera du eta errebelatutakoan, zer ikusiko argazkian..., eta bere andereño monsieur batekin musuka. Olalá! A zer saltsa!
Bere bildumako beste argazki batzuk ere erakutsiko dizkigu Maxek, eta horien harira gauza bitxi eta polit askoak argituko dizkio irakurleari.

 

Nire kuleroak

 

 

 

Maxek aitona ikusi du bere kuleroekin. Eta zertarako nahi ote ditu-eta, oiloei jartzeko! Erotu egin ote da Maxeren aitona? Galdera horixe bera egingo dio Maxek bere buruari.

Nik erremerre hitz egiten dut , eta zer?

 

 

 

Deskribapena: Betok ez du txakurra esaten, Betok txakugga esaten du. Eta beste hau ere esaten du: Ggokeren txakuggak ez daki gitagga jotzen. Baina zer axola dio? Beto zoriontsu bizi da. Nola ez da, ba, biziko zoriontsu Zuzana Zegurola Zarazua izeneko lagun min bat eta Ggasputin izeneko txakur bat baldin badauzka?

Zorion perfektua

 

 

 

 

  Atentatu baten lekuko izan da hamasei bat urteko neska bat. Neska horrek berak kontatzen ditu hurrengo hogeita lau orduak, inguruan eta bere barruan gertatzen diren hausturak eta hausnarketak jasoz; autoreak suziri distiratsuen beharrik gabe, maisuen moduan darama irakurlea ezin utzizko hari batean.

Sistema orokortzaile eta arauemaile guztiak pitzatu direlarik, gizakia babesgabeago sentitzen da, kontzientzia baino ez zaio geratzen, uneoro erabaki beharrak, uneoro posizio hartu beharrak atsekabetzen du, ezmezean jartzen; baina, aldi berean, libreago egiten du. Kontzientziaren nagusitasunaren aroa da; izan ere, «kontzientziarik ez bagenu, animalia huts ginateke, zorion perfektu halako baten jabe», nobelako pertsonaia batek esango lukeen bezala.

Nobela morala da Zorion perfektua, Camus, Sciascia edo Dürrenmatt-ek landu zuten tradizioan kokatua, etika eta estetika txanponaren bi aldeak direla eta bi alde horiek elkarrengandik aldendu nahi ez dituela sinetsita bizi den idazle batek idatzia.

Beste bide bat iragartzen ote du nobela honek Lertxundiren nobelagintzan? Akaso bai, nork daki... baina printzipio argi bati erantzuten diola esan behar da aldez aurretik: kontatu nahi den historiari dagokion soinekoa josi behar zaio.

 

Bi letter jaso nituen oso denbora gutxian

 

 

 

Bi letter jaso nituen oso denbora gutxian, hamar eguneko tartearekin edo. Biak zuzen-zuzen etorri ziren nik Boiseko city amerikano honetan daukadan etxeraino, eta nire iloba Jimmyk jarri zizkidan eskura. Azkenengoarekin ailegatu zenean ni mimosaren adarrak txukuntzen nengoen, umore onean, alegia, zerengatik umore txarrean nagoenean ez baitut gardena zaintzen hasteko gogorik izaten, eta dolar bat eman nion sari bezala. Halere Jimmyk kezkatuta bezala begiratu zidan, sudurra zimurtzeko berak daukan keinu very nice horrekin.


 

Behi euskaldun baten memoriak

 

 

 

 

Benetako behi izan nahi duenari nahitaezkoa zaio desertua, nahitaezkoa zaio mundutik urrutiratu eta hondarra besterik ez dagoen erresuma mortuan bolada bat egitea.

Ondar artean, belar edo ur izpirik gabe, berdamenaren gozotasunik gabe, behiak sufritu egingo du, eta maiz, eguzkiak ankerki jotzen dionean-eta, atzera egin eta ikuiluratzeko gogoz erotuko da. Baina benetakoa izan nahi duen behi horrek, eta ez behi ustel edo makal, ez dio etsipenari amore emango; aurrera jarraituko du desertua zeharkatu eta mendi hezeak, baso itzaltsuak, begietan har ditzan arte. Orduan, poetaren esanak gogoratuz, halaxe deklaratuko du: Cela s´est passé, pasa da guztia, atera naiz infernutik, begi eta bihotz berriekin ikusten dut orain mundua.

 

 

Metxa esaten ditoten agirretar baten ibili herrenak

Agirre'tar Nikola, ezizenez Metxa esaten dioten agure egoskor maitagarriaren abenturak eta kalenturak kontatzen ditu liburu honek, sarrera eta hamalau ipuinetan. Sekula ahaztuko ez duzun pertsonaietakoa da Metxa, Joanes artzaina edo Hamlet baten antzera: erretiratua baina bizitzaren borrokan jarraitzen duena, erretxina baina onbera, gezurti samarra baina printzipioei eusten diena, adarjolea eta minbera. Ipuinak era askotakoak dira, oso desberdinak baina elkarrekin lotuta, batetik bestera igarotzen baitira gertaerak eta pertsonaiak, nobela batean bezala.

Sugeak txoriari begiratzen dionean

 

 

 

 

 

Sugeak txoriari begiratzen dionean, txoria itsutu egiten da, eta ordurarte begien bistan eduki duen munduaren zati laburra -zuhaitz batzuk, bizpahiru teilatu, bidea, zeruaren urdina- ezkutatu egiten zaio bat-batean. Barraketako magoen paineluekin gertatzen den bezala, une batez hantxe dauka guztia: koloreak, mugimendua, argia. Hurrengoan, berriz, guztia joan egin da, ezin liteke hutsune beltz bat baizik sumatu.