Zorion perfektua
Atea itxi eta argia piztu nuen. Berriro nire txikitako logelan nengoen. Bartzelonan hamabost urte eman eta gero, Euskal Herrian nengoen berriro eta izugarrizko sentimenduak nabaritu nituen. Ziur nengoen han geldituko nintzela betiko. Hura nire etxea zen.
Etxe osoan buelta bat eman ondoren, gurasoei deitu eta nire asmoak azaldu nizkien. Argi neukan nire bizitzaren etapa berri bat hasiko zela han, nire benetako etxean.
Miramonera nindoala, mugikorra entzun nuen. Imanol zen. Ez nekien zer egin, telefonoa hartu edo ez hartu.
Bi segundu pasatu eta gero, hartzea erabaki nuen. Nire gurasoek esan zioten bueltan nintzela. Nahiz eta urduritasuna nitaz jabetu, momentua heldu zen.
Imanol nire lagun mina zen. Ikastolan elkar ezagutu genuenetik beti bata bestearen ondoan egon ginen, bai momentu txarretan, bai onetan, harik eta ni Bartzelonara joan nintzen arte. Erabaki garrantzitsu batek eraman ninduen hara; nire bizitza aldatuko zuen erabakiak, hain zuzen ere. Imanoli ez nion ezer komentatu. Gaur, hemen nago, ispiluaren aurrean, pentsatzen nola esango diodan berak ezagutu zuen Andoni gaur Ane dela.
0 comentarios